|
Emilio Silva, Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko presidentea, azaroaren 20ko egun seinalatuan egon zen Donostian, Idi Ezkerra Fundazioaren eskutik, azaroan egindako Oroimenaren bideak hitzaldi-zikloari amaiera emateko. Hitzordu horretan, atsegin handiz entzun genion Emilio Silvari, hau da, hamarkada batean zehar Espainian frankismoko krimenak gogoratzeko premiaz hitz egitea lortu duen gizonari. Hain zuzen ere, Garzonek Audientzia Nazionalean hilobi bateratuen inguruan irekitako prozesuaren bultzatzaile nagusietakoa izan da. Silvaren ondoan, ekitaldia aurkeztu zuen Garbiñe Biurrun epailea egon zen mahaian. Bertan, Aranzadi Zientzia Sozietateko zenbait ordezkari ere egon ziren, eta Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkartearekin lan egiten dute, gorpuak hilobietatik ateratzean auzitegi-lana egiten. Jendez gainezko zegoen aretoan, Emilio Silvak honako hauxe salatu zuen aurkezpenean: “frankismoak inposatutako isiltasun-itunari eutsi zioten trantsizioan. Milaka familia isildu egin behar izan ziren, eta familiaren historiari buruzko kontakizunak ere asmatu egin behar izan zituzten, agindua ‘ez nabarmentzea’, hau da, ezdeusa izatea”.
Silvaren iritziz, inposatutako ahanztura hori ez zen aldatu erregimena amaitu zenean. Are gehiago, gaur egun ere, “badago Historian lizentziatzerik, II. Errepublikari buruz hitz bat bera ere ikasi gabe. Testuliburu asko gainetik aztertzen dute gai hori; edo zuzenean, aipatu ere ez dute egiten”. Bere esanetan, eliza katolikoa egoera horren erantzule nagusietakoa da, eta leporatu egiten dio “35 urte igaro direla eta oraindik barkamenik eskatu ez duela. Gainera, frankismoko krimenei buruzko eztabaida pizten denean, bando nazionaleko ustezko biktimen kanonizazio berrien iragarpena egiten du. Elizak salatutako krimenak orekatu nahi ditu, egindakoagatik barkamena eskatu beharrean”.
Emilio Silvaren ustez, “hemen ez da barkatu eta ahaztu behar, eragindako kaltea onetsi eta justizia egin behar delako. Hala ere, gurea zigorgabetasunaren herrialdea denez, den-dena onartzen da”. Silvak argudiatu zuenez, “estatuan, frankismoak bizirik dirau gizartean: elizan bertan, urteetan eta urteetan estatuko benetako botere moduan eduki zuen zereginari uko egin nahi ez diolako; eta PPn bertan, frankismoko biktimei iseka egiten dielako, oroimenari buruz hitz egiten duenean. Beste edozein herrialdetan halakorik esango balute, delitua izango litzateke. Hemen, ordea, trantsizioan zehar eratutako zigorgabetasunari esker, biktimak iraintzen dituzte eta ez zaie ezer ere gertatzen”. Ideia hori sakonago azaltzeko asmoz, esan zuenez, “herrialde horietan, Gerra Zibila eta frankismoa berrikusi dituzten ustezko idazleak negazionistatzat hartuko lituzkete eta ez beste-sellerren saltzailetzat”.
Silvaren hitzaldia baino bi aste lehenago, Mary Burton ekintzale hegoafrikarrak azaldu egin zigun Egiarako Batzordea funtsezkoa izan zela, Hego Afrikako trantsizioa baketsua izan zedin. Silvaren esanetan, Espainian, ostera, hainbat aldiz aipatutako trantsizioa “erabateko zigorgabetasunaren gainean eratu zen. Trantsizioa egin zutenek mito bihurtu nahi izan dute, hainbat eta hainbat jende areketan botata zergatik utzi zuten azaldu beharrean. Amnistiari buruzko Legeak zigorgabetasuna legitimatu zuen, eta erregimeneko kriminalei atea ireki zien, demokrazian ohorez txertatu zitezen. Bien bitartean, biktimak eta askatasun horren alde borrokatu zirenak utzi zituzten alde batera. Den-dena oso ondo lotuta geratu zen, eta, oraindik, ez du inork deslotu”.
Emilio Silvaren ustez, urrian Audientzia Nazionalean irekitako prozesuak “egoera berria sorrarazi du 40 urte geroago. Baliteke arrakala horrek frankismoko krimenak epaitzeko aukera irekitzea”. Garzon inhibitu egin da eta ez du ikertzen jarraituko. Horri dagokionez, honako hauxe ñabartu zuen Silvak: “ez da hasiera batean dirudien bezain txarra. Hasierako ezustekoaren ostean, hotzean aztertuz gero, lurralde-auzitegietara eratortzean, epaileen arteko irizpide-desadostasuna sortuko da seguruenik. Horren ondorioz, goi-instantzia judizialek euren jarrera zein den adierazi beharko dute”. Dena dela, Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko presidenteak iragarri duenez, prozesu hau “Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira iritsiko da”.
Edonola ere, Silvak ziurtatu duenez, “hilobietatik gorpuak ateratzen jarraituko dugu, familiek ezin dutelako itxaron”. Era berean, Zapatero kritikatu zuen, “beste herrialde batzuetan hilobi bateratuak edo kontzentrazio-eremuak bisitatzen dituelako eta, hemen, gorpuak hilobitik ateratzeko prozesu batean ere egon ez delako”. Silva, gainera, oso haserre zegoen, Espainiako presidenteak esandako hitzengatik, diktadura ahaztea ondo iruditzen zitzaiolako. Horri dagokionez, honako hauxe izan zen Silvaren erantzuna: “gobernuak diskurtso gutxiago eta ekintza gehiago egin beharko lituzke, orain arte ez duelako ezertxo ere egin. Zapaterok elkarteen, familien esku utzi du estatuak egin beharko lukeen lana”.
Hori guztiori dela-eta, gure gonbidatuak honelaxe amaitu zuen agerraldia: “errepublikaren eta askatasunaren alde borrokatu zirenei eskaini ahal diegun monumentu onena haiek defendatu zituzten balioak gogoratzea eta babestea da”.
|